Agur glamourra!
Apirila euritan pasa ondoren zein gustura hartzen den eguzkia, ezta? Dagoeneko uda usaia hartzen diegu egunei eta oporrekin amesten hasten gara: lasai esnatu, paseotxoak eman itsaso ixkiñean, leku berriak ezagutu… Beno, ba hori guzti hori nahikotxo konplikatzen da etxean txikiak dituzunean.
Lehenik eta behin, egutegia dago. Hau da, haur eta gurasoen oporrek ez dute normalean bat egiten. Beraz, ekaina aldera, guraso eta amonen agenden arteko puzzlea osatu behar da. “Zuk aste honetan goizez ezin dezu, beraz, arratsaldean zure kargu eta goizean amonari esango diogu” edo “Goizean nere kontu aste honetan, baina juxtu bihar bilera garrantzitsu bat det eta amonari esan beharko”. Egin nahi adina konbinazio. Komodina beti amona.
Goizetan lasai ohean. Gurean berdin du asteguna, asteburu edo abuztu izan; EGUNERO, gure txikia 7tan esnatzen da. Suerte handiarekin, 7.30etan. Arbaso inglesaren bat eduki behar du, zer bestela ezin da entenditu horrelako puntualitate britanikoa! Baina halere okerrena da, nahiz eta hain goiz esnatu, 11ak baino lehen ezin izaten dugula kalera atera, beti falta delako zerbait egiteko; edo baten zapatilla ez da agertzen, edo besteari bodya aldatu behar zaio gosariarekin zikindu duelako… buf!
Kanpora ateratzearena. Zein errexa zen garai batean oporretarako prestatzea: erropa pixka bat, nezeserra, dokumentazioa eta dirua. Baina orain? Orain koaderno bat hartu eta errege Godoen izenak baino zerrenda luzeagoa idatzi behar dut. Zaharrenarentzat erropa konjuntoa, jostailu kuttunak, asmarentzako botikak, biderako hamaiketako/merienda, eguzkitako protekzio berezia, e.a. Txikiarentzat, dozenaka bodyak, pure eta papillentzako termoak, ehunkada pardel, ipurdiko krema, jostailu kuttunak, aulkitxoa… Zer gertatzen da azkenean? Ba zure gauzentzat ez dagoela tokirik, eta galtza bat eta bi nikirekin konpondu behar duzula 15 egunetan. Agur glamourra!
Ea oporren bueltan zer.
Goiz Bat Retiro Parkean
ion markel argazkiak
Txikitan ia larunbatero etortzen nintzen gurasoekin Retirora. Ongi gogoratzen ditut aitak erosten zizkigun litxarkeriak. Aste guztian itxaroten egoten ginen anaia eta biok gusanito, piruleta eta gominolaz betetako poltsatxo hura. Eguraldi onak hasten zirenean txalupatxoetan ere ibiltzen ginen. Arraunak guk hartu bitarteko bakerik ez genien ematen. Orduan, ipuinetako piratak bezala sentitzen ginen, eta beste txalupengana hurbildu nahi izaten genuen, abordatu eta bertako altxor guztiak eskuratzeko. Eskutik helduta joaten ziren aita eta ama; gehiegi hitz egin gabe, lau begiak beharrezkoak baitziren bi anaion joan etorriak ikuskatzeko. Zenbat gustatzen zitzaidan gurasoak horrela ikustea.
Beharbada oroitzapen hauek guztiengatik oinek Retirora ekartzen naute sarri. Baina nik ez daukat inor litxarkeriak erosi, ez txalupan ibili, ez eskua emateko.
Ordiziako Azoka
ion markel argazkiak
Goizeko 5ak. Egunak ez du argitu oraindik, baina txorien txorrotxioa entzuten da dagoeneko.
Aurpegia garbitu. Ura hotza dago, Txindokitik zuzenean etorriko balitz bezala.
Argiak piztu gabe pausoek ikuilura daramate. Ongi etorria egin diote “Bonita”, “Feli” eta “Txurik”. Jeitzi egiten ditu hirurak esku hartatsuekin. Esnea bero, apartsu; bizi erortzen da marmitan. Etorritako moduan, hitzik egin gabe bueltatzen da sukaldera. Kafesnea prestatzen du butanozko suan, eta ogi zopak egiten ditu. Zenbat gustatzen zaizkion.
Logelan bueltan, ohe-buru gainean dagoen gurutzearen aurrean aitaren egiten du, mesanotxe gainean dagoen argazkiari hitz egiten dion bitartean: “Joxe Mari, beste asteazken bat”.
Armairuaren atzealdeko mantala hartu eta soinean jartzen du. Gihartsua du gorpuzkera, bizi guztian zehar eskuekin lan egin dutenek izan ohi duten bezala. Bere aurpegia gurutzatzen duten milaka zimurrek adierazten dute 70. hamarkada paseak dituela.
Sei t’erdiak. Bi esne marmitak gurpildun karroan sartzen ditu aza, azalore eta porruekin batera. Ordiziko bidea hartzen du, karrotxoari tiraka.
7etarako azokara iritsi eta betiko tokian jartzen da. Pixkanaka, azoka betetzen doa.
Segituan hasten da jeneroa saltzen; fama dute bere produktuek.
Ez da batere hizlaria, baina gustora hartzen ditu bata eta bestearen diosalak eta betelanezko hitzak. Hain bakarrik dago baserrian.
10ak inguruan karrotxoa hartu eta bueltako bidea hartu du.
“Bonita”, “Feli” eta “Txuri” zain izango ditu berriro.
“Joxe Mari, beste asteazken bat”, pentsatzen du, aitaren egiten duen bitartean.
Eritz

Zain, esperoan egon nintzen denboraz.
Beldurra eta poza, biak lotuta nere gorputzean.
Soin biribilduari laztan eta kantu egin nion.
Odol eta izerdi artean eman genuen lehen besarkada.
Orain, bularra bion arteko zilborreste bihurtuta.
Maite zaitut. Bizitza eman nizun unetik, bizitza eman zenidalako.
GAIXO
Urte erdia pasa da etxera bigarren hankagorria iritsi zenetik. Abentura ederra izaten ari da, aspertzeko tarterik gabe. Eta ez aspertzeaz ari naizela, oraingo honetan gaixotasunei buru aritu nahiko nuke.
1. Gaixotasunak (batez ere neguan), zure bizitzaren parte bilakatzen dira. Berdin du umeak izan aurretik Perurenak baino osasun hobea edukitzea. Umeak dituzunean mukiak, bakunak, errebisioak, buruko zein tripako minak eguneroko ogia izaten dira. Zirkuitu itxia bezala funtzionatzen dute, gainera. Alaba zaharrena mukiekin hasten bada, handik egun batzuetara txikia eroriko da; eta bat sendatu orduko, bigarrena hasiko da kalenturarekin… Eta nola ez, azkenean aitatxo eta amatxo ere mukiekin. Ez dauka bukaerarik!
Ederki hasi dugu larunbat goiza. Esnatu eta ia lehiotik sartu zaigu globoa! ;-)
Oporren ondotik pozik!
Ez dakit gabonetako espiritua izan den, baina gure txikiarentzat ikastolara bueltatzea benetan festa bilakatu da gaur goizean. Ezin kendu irrifarrea ahotik, aizue!
Esnatu denean,



